Gizarte Zientzien ekarpena konpetentzia digitala garatzeko eta konpetentzia digitalaren ekarpena konpetentzia matematikoaren garapenean
Gertaera sozial eta historikoen ulermenerako behar beharrezkoa da informazioaren eskuratze, biltze, gordetze, partekatze, ulertze eta baloratze prozeduren lanketa eta ezagutza.
Informazio iturri nagusienetakoa da esparru digitala. Ezinbestekoa bilakatu dira IKTei lotutako ezagutzak, informazioaren bilatze-ibilbiderik egokienak hautatu eta bereizten jakiteko eta bilaketaren emaitzen inguruko analisi kritikoa egiten jakiteko.
Gune eta formatu anitzetatik eskainitako informazioaren hautaketak du garrantzi berezia eta honekin batera, informazioaren sinesgarritasuna eta pertinentzia baloratzeko gaitasunak.
Gizarte Zientzien berezko ikaskuntza objektu da mota edo izaera desberdinetako mapen (geografikoa, tematiko, historiko) eta grafikoen interpretazioa. Adierazpen-modu horietan integratzen diren kodeen (ikonikoa, grafikoa, numerikoa eta kartografikoa) lanketarako ezinbesteko baliabideak dira IKT aplikazio espezifikoak.
Bikote banaezina dira egun gizarteratze-prozesua eta baliabide digitalen erabilera arduratsua. Ikaslea hiritar digital arduratsua izan dadin hezi behar dugu. Horretarako, batetik, baliabide digitalak zuzen eta egoki erabiltzen eta, bestetik, bere identitate digitala eta pribatasun-maila kudeatzen jakin behar du.